Monday, February 25, 2008

Ornette Coleman eta Harmolodia

En Francais / En Español

Sasimusika, egiazko musika ez den heinean, arau melodiko, harmoniko edo ritmikorik gabe uler liteke, horrela nahi izanez gero. Jada 50. hamarkadan Jazz-aren munduan iraultza horixe ekarri zuen Free Jazz-ak.

Jazz-a betidanik inprobisaketarekin loturiko musikatzat hartu izan da. Hala ere, musika inprobisaketa gizadiaren lehen hotsekin batera eman zen, lehen konposaketak baina lehenago. Haitzuloetako gure ahaideek lehen hezurrezko txirulari putz egin ziotenean, espero gabeko soinu baten zirrara sumatuko zuten. Aurretiaz prestatu gabeko doinuen zirrara.

Analogia linguistiko bat eginez, inprobisaketa hizketaldi bat da, testu bat ozen irakurtzearen aurkakoa. Zenbait Jazz musikarik inprobisaketa konposaketa azkartu hutsa dela diote, edo eta beste modu batera esanik, konposaketa inprobisaketa moteldu bat. Bat-batean egindakoa aurkeztu ala denboraren laguntzaz birfinduriko emaitza eman. Hor dago koxka.

Bat-batekotasuna ez da oso preziatua programaturiko mundu honetan, bigarren mailako azpiproduktua baita. Gure artean arrakastatsua izan den diziplina bakanetarikoa Bertsolaritza dugu. Musika instrumentuen munduan berriz, Jazz-a nabarmentzen da. Adibide asko gehiagorik aurkitzea ez da erraza. Artisautzak bezala, ekoizpen aldakorrak eta errepikaezinak aireratzen ditu musika inprobisatuak. Eta tamalez, artisautza krisi larrian dugu aspalditik.

Amerikarrek Hiroshima bonbardatzen zuten bitartean, Charlie Parker eta enparauek erabakigarria izango zen norabide aldaketa bat eman zioten Louis Armstrong-ek ekindako bide arriskutsuari. Arte modernoaren eremuetara zuzendu zuten begirada. II. Mundu Gerra bukatu zenetik hona, herri kultura eta industriaren etengabeko bategite prozesuan, Jazz-ak unibertso paralelo batean garatuz biziraun du. 50. hamarkadaren bukaerak eta 60.-aren hasierak izan ziren emankorrenak. Miles Davis, John Coltrane eta Ornette Coleman nabarmentzen dira, besteak beste, eragin handieneko erreferentzia bezala. Azkeneko saxojole handi hau izan zen Free Jazz-aren lehenengo bultzatzailea. Hona hemen telebista programa bateko emanaldi txiki eta bitxi batean:



Bere karreraren hastapenetan, Coleman-ek "The Shape of Jazz To Come" -Etortzear dagoen Jazz-aren itxura- albuma argitaratu zuen. Gazte harrokeriatzat ikusia izan liteke hura dena, baina izenburua profetikoa gertatu zen azkenean. Coleman bera da Harmolodia musika kontzeptuaren sortzailea. Harmolodiaren aberastasuna musikarien arteko interakzio berezian datza. Ohiko harmonia, egituren eta metrika zurrunen betebeharrengandik ihes eginez, musikari harmolodikoek batera inprobisatzen dute; taldekideen bilakaera, norabide eta beharrei beti adi egonez. Prozesu honetan harmonia melodia transformatzen da, eta aldi berean melodia harmonia. Ornette-k soinuaren kasta sistema ezabatzea bezala ulertzen du. Maila zabalago batean, harmolodia zeure burua nahi bezala izateko askatasuna da, besteei entzunez eta besteekin elkarlanean zeure harmonia propioa garatuz.

http://www.ornettecoleman.com/then.html

Honek denak oso konplikatua dirudien arren, berez ez da hainbesterako, Ornette bera ez baita sekula Harmolodiaren behin-betiko formulazioa aurkezten ausartu. Zurrumurru batzuen arabera, 70. hamarkadatik darama The Harmolodic Theory argitaratu nahiean, baina arrazoi ezezagunak direla medio bere horretan dirau asmoak. Zenbaiten esanetan, Ornette-k bere musika betirako sailkatu nahi duten intelektualoidei egin dien adar jotze huts bat besterik ez omen da.

http://forums.allaboutjazz.com/showthread.php?t=12600

Praktikan, ondorengo artikuluak dioen bezala, Teoria Harmolodikoak Hitchcock-en pelikuletako MacGuffin-aren antzera jokatzen du: Zertan datzan ulertuz gero, hainbat hobe zuretzat; baina bestela bost axola, bere musika gozatzeko oztoporik ez duzulako aurkituko. Hau dena zarata hutsa besterik ez dela iruditzen ez bazaizu behintzat, argi dago gero.

http://www.theatlantic.com/doc/198509/ornette-coleman/1
http://www.theatlantic.com/doc/198509/ornette-coleman/2


Amaitzeko, El País egunkariak larunbatero argitaratzen duen Babelia gehigarrian agerturiko elkarrizketa baten azken pasartea:

P. Ahora la profesión en pleno hace cola ante su puerta para tocar con usted, pero no todo el mundo está capacitado para interpretar su música.

R. Todo depende de cuan libre quiera ser. Si es capaz de deshacerse de sus miedos, trabajar en lo que cree y desarrollar sus propias ideas, venga a verme: a lo mejor soy yo el que quiero tocar con usted.

http://www.elpais.com/articulo/semana/musica/unico/arte/verdaderamente/democratico/elpepuculbab/20070707elpbabese_1/Tes


> Hasierako orrira <
___________________________________________________



No comments: